Nortzuk gara

JUSTO DE LA CUEVA DOKUMENTU ETA ARTXIBO GUNEA

Justo de la Cueva Dokumentu eta Artxibo Gunea (JCDAG) artxibategi pribatu bat da, Justo de la Cuevak eta Margarita Aiestaranek hainbat hamarkadetan zehar sortutako eta jasotako dokumentazio andana barnean hartzen duena. JCDAG-n gizarte eta politika zientzietako 10.000 liburu inguru daude, eta bertan teoria eta historia marxistek leku nabarmena dute; halaber, frankismoari eta Euskal Herriaren hurbileko historiari buruzko lan kopuru itzela dago. Azken gai honekin lotuta, 1980, 1990 eta 2000 hamarkadetan Euskal Herrian sorturiko dokumentazio eskerga aurki daiteke.

Era berean, JCDAG-k Justo de la Cuevak eta Margarita Aiestaranek 1960-2010 urteen artean sortutako zientzia produkzioa jasotzen du, zeina, laburbilduz, askotariko gaiei buruzko 1.513 lanek osatzen duten, Justo de la Cuevak gidatu eta erreseinen bidez azaldutakoak. Gainera, era askotako dokumentazioa duten 50 kaxa ere badaude, kartelekin, panfletoekin, bideoekin, eta, oraindik katalogatzeko dauden eta hainbat dokumentazio gordetzen dituzten, 4 disko gogorrekin. Horri guztiari 1997 eta 2008 urteen artean Basque Red Net-en argitaratzen joan ziren analisi politikoak gehitu behar zaizkio; web orrialde hau Justo de la Cuevak berak sortu zuen.

Justo de la Cuevaren irizpideen arabera JCDAG-ko funtsa ordenatzea eta katalogatzea helburu, crowdfunding bat antolatuko da; hartara, beharrezko finantziazioa lortuko da katalogatze eta digitalizatze egitasmorako. Proiektuaren logistikarako beharko da finantziazioa, izan ere, katalogatzea eta digitalizatzea 14 pertsona ingururekin burutuko baita, auzolanean. Egitasmoa osatzeko 2 urte behar izanen direla aurreikusten da, eta denbora hori pasatuta JCDAG-ren egitura fisikoa saldu edo eman nahi da, askotariko gaiei buruz ikertzen ari den edonorendako eskuragarri egon dadin.

Hirukoitza da egitasmoaren helburua: ordenatzea, katalogatzea eta funtsaren kultur-ondarea zabaltzea. Artxibatzea egiteko nazioarteko arauak darabilzkigu: ISAD (G), ISDIAH, ISAAR (CPF), baita XML-EAD ere; funtsaren deskribapenerako, serietarako eta dokumentu unitate bakanetarako edo konposatuetarako.

Funtsak gutxi gorabehera 50.000 orrialde dituela kalkulatu dugu. Egitasmorako aukeratu dugun softwarea Drupal da, biblio modulua eta guk geuk sortutako artxibo modulua dituena (XML-EAD inportazioa-esportazioa); zeinak nazioarteko artxibo irizpideetara egokituta dauden. Drupal software librea da, edukien kudeatzaile ahaltsua, eta funtsaren zabalpenerako kontaezin aukera ematen dizkigu. Justo de la Cuevaren eta Margarita Aiestaranen bereizgarria euren bizitza osoan lan zientifikoa ongi egitea izan zen; guk ere zentzu berean egin nahi dugu lan.

Elkartearen sorkuntza 2011an egin zen, maiatzan Margarita hil zen eta aurreikusitako lana bertan behera utzi zen.

Justo 2017ko apirilaren 27an hil zen.

Euskera